Hurrengo ZIENTZIA ASTErako proposamenik?
Aurten Zientzia Astearen barruan programatuta geneukan “Zadorrako Ibai-Paisaia” jardueran Gamarra eta Abetxuko artean ibilbide bat egin genuen, uholdeek eragindako kalteak ekiditeko zonaldean egin diren hobekuntzen alderdi tekniko batzuk azaltzeko.
Baina toki horietan zehar ibiltari gisa ditugun pertzepzioei buruz ere hitz egin genuen. Erriberako zuhaiztira hurbildu ginen, ibaira begira dauden arkitektura-tipologia desberdinak baloratu genituen, zubi zaharraren gaineko birgaitzeak, erreken naturalizazioa edo uholde-arriskua duten eremuetan dauden baratze edo haur-jolasen eremuen potentziala. Horretarako, geure “egunerokoak” osatu, marraztu eta idatzi genituen, lehendabizi banaka eta gero modu partekatuan, zein alderdiri ematen diogun garrantzi handiena azalarazteko.
Paseora, Gasteizko, Durangoko eta Bilboko 11 lagun etorri ziren eta gainera, Gasteizko Ingurumen Gaietarako Zentroko María de Santiagoren laguntza ere izan genuen. Berak bereziki Abetxukoko baratzeen garrantziaz hitz egin zigun, nahiz eta uholde-arriskuko eremuan egon, Gasteizko gerriko agroekologikoa indartu eta auzokideentzako topagune osasungarria bermatzen baitute.
Partaideek datorren urtera begira, jarduera beraren 2.0 bertsioa egiteko interesa aurreratu ziguten, baina hiriko eraztun perimetrala osatzen duten soroetan eta landa-herrietan barrena.
Beste proposamenik?
Hemen uzten dizkizuegu argazki batzuk eta collage bat egunkarietatik berreskuratutako marrazkiekin. Bakoitzak, bere egunkarirako titulua aukeratu zuen: “Udazkeneko arratsaldea ibaian”, “Gasteiz eta Zadorra”, “Ibilaldi baketsua”, “Haurtxo berdea”, “Jariatu”, “Zuhaitzak ibiltzen” edo “ibaian zehar ibiltzen”.
Ezin da erantzun.