Ondare Eraikiaren Kudeaketa Integrala egiteko Plan Estrategikoa

Ikerketa-lerroa, jarduera

Berrikuntza teknologikoak Ondare Eraikinaren kudeaketan.

Proiektuaren laburpena

Plan Estrategikoaren (PE) helburu nagusia da Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren Zuzendaritzaren jardunbide nagusiak zehaztea hurrengo hiru urteetarako (2011-2013), Ondare Kultural Higiezinaren (OKH) kudeaketa birdiseinatuz eta eguneratuz. Lan-planaren arabera, lau etapatan banatuko da atzeraelikadurako ibilbidea:

  1. Lehenbiziko etapan, EAEko OKHaren egungo egoera aztertu behar da, partaidetza-formulak erabiliz Ondare Kulturalaren kudeaketako premiak aztertzeko eta premia horiek estalita dauden (edo ez) jakiteko. Azterketa horretatik aterako da PEren zehaztapen estrategikoan eta taktikoan jorratu beharreko hobekuntza-lerroen zirriborroa.
  2. Horrekin batera, OKHren alorrean erreferentziazkoak diren zenbait esperientziarekin alderatzeko benchmarking-a egingo da, hainbat herrialdetan, EAEko ondarea hobeto kudeatzeko lagungarri izan dadin. Aurrez hauteman diren estali gabeko premiak aztertuta, ondare-datuak eguneratzeko eta modernizatzeko arauak eta jarduera-protokoloak ezarriko dira, taldekako sormen-teknikak erabiliz.
  3. Hirugarren lan-etapa, berriz, aurreko bien ekarpenak oinarri hartuta eratuko da, OKHa kudeatzeko tresna kontzeptualen diseinurako hurbilketa estrategikoa eta taktikoa baliatuz. Helburu nagusia da OKH guztia babesteko eta baliatzeko protokolo normalizatu batzuk ezartzea, laugarren etapan zehaztuko den sistema aditu baten barruan betiere. Jakina, gai konplexua da hori, delikatua kontzeptu aldetik, eta ikerkuntza eta hausnarketa sakona eskatzen ditu. Alabaina, conditio sine qua non da, ondarearen babesari eragiten baitio, herritarrei azaldu egin behar baitzaizkie (eta justifikatu) administrazioak hartzen dituen erabakiak, zeinak ez duten ausazkotzat edo arbitrariotzat azaldu behar. Halaber, esku-hartze protokoloak irizpide subjektiboen eta indibidualen gainetik jartzeko ere balio du. Lanaren garapenean agertzen diren eraginkortasun-gabeziak aztertzeko (eta zuzentzeko, hala badagokio), sakon aztertu behar da kasu pilotu esanguratsu bat. Ezartzen diren arau eta protokolo berriak (aplikazio informatikoa barne) aplikatu eta probatu egingo dira, prozedura osoaren azken doikuntza baterako parametroak egokituz.
  4. Azkenik, 3. atalean zehaztutako kontzeptuak eta ideiak behar bezala ustiatzeko euskarri informatiko egokia garatu behar da. Euskarri informatiko ahalik eta adimendunena eraikiko da, kasu berriekin atzeraelikatu dadin eta, esperientzia berriekin, ebaluazio- eta kontserbazio-irizpideak doitzeko.

Egoera

Ejekuzioan.