“Iraunkortasuna eta Lurraldea” Udako ikastaroa ospatu dugu
Uztailaren 12 eta 13an Donostiako Miramar Jauregian IRAUNKORTASUNA ETA LURRALDEA: INGURUMEN KALITATEAK HIRIETAKO PAISAIEN ERAIKUNTZAN ETA BERRERAIKUNTZAN DITUEN INPAKTUAK Kongresua ospatu dugu, Kultur Paisaiak eta Ondarea UNESCO Katedrak antolatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin batear.
Oraingo honetan, aztertu dugu iraunkortasunaren, kohesio sozialaren, gobernantzaren, berrikuntzaren eta erresilientziaren irizpideak hiri paisaien eraikuntzan sartzeak nola sorrarazten dituen beste agertoki batzuk eta horrek nola behartzen gaituen jarduteko modua birpentsatzera.
Bi jardunaldietan izandako hitzaldi eta solasaldien ondorioz, hemen partekatzen ditugu zenbait idei:
“Victoria Azpirozek kongresuaren hasieran azaldu zuen moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen % 85 hiri inguruneetan bizi dira, eta hiri inguruneok osatzen dituen eraikin parkearen zati handi bat zaharkituta dago. Errealitate objektibo hori ikusirik, hiri ingurunean nola esku hartu arautuko duten irizpideak funtsezkoak izango dira hiri berriak, haien itxura, haien irudia eta, batik bat, hirietan bizitzeko modua antolatzeko.
Kongresu hau antolatzea erabaki genuen, kezkatuta gaudelako eraginkortasun energetikoarekin eta iraunkortasunarekin lotutako helburuak lortzeko irizpideak aplikatzeak gure hiriei nola eragiten dien. Arazo larri horri erreparatzeko, oinarri kontzeptual bat behar da, hau da, hiria paisaia gisa ulertzea.
Atzo eta gaur entzun ditugun hitzaldi guztietan, gai hori modu positiboan zabaldu eta sakondu ahal izan dugu. Eta hain zuzen ere jarrera horrek ematen digu aurrera egiteko eta etorkizunera begiratzeko modua.
Horrela, kongresuari hasiera emateko, “Dokumentalismoa eta kultura materiala” hitzaldia entzun genuen Iñaki Ábalosen eskutik, eta gogorarazi zigun gainditu egin behar direla diziplinen araberako bereizketa oinarri duten ikuspegi tradizionalistak. Hori ezinbestekoa da sortzen diren eta lurraldea definitzen duten konexioak eta loturak ulertzeko, eta hain justu errealitate horri erreparatu behar dio eguneroko bizitza baldintzatzen duen diseinuak.
Arkitektoa, beraz, dokumentalista bilakatzen da, eta analisia eta sorkuntza uztartu behar ditu lurralde garaikideak diseinatzeko; horrela, garbi ikus daiteke dokumentazio hori guztia abiapuntu hartuta posible dela eraikinen eta paisaien izaera errespetatuko duten makina termikoak sortzea. Hau da, monumentua eta hiria errespetatuz diseina dezakegu, egiteko modu tradizionalak berreskuratuz, lanak sinplifikatuz baina jardunbide egokiak baliatuz, hirien espiritua ezabatu besterik egiten ez duten instalazio eta makina gero eta konplexuagoak erabili beharrean.
Ideia horietan sakondu genuen, eta Miguel Ángel Díaz Camachok erakutsi zigun arkitekturak zer-nolako aukerak dituen ingurumenerako benetako aktibo bilakatzeko. Hirigintzaren erronka horretan, eta loturarik gabeko eraikinen eta testuinguruz kanpoko ikonoen nahaspila bat sortu ordez hiri bat sortzeko zailtasunari aurre egin nahi badiogu, arkitektura funtsezko baliabidea izango da ikuspegia zabalduz eta eskala hedatuz irtenbide bat aurkitzeko. Hala, pentsamoldea aldatzen badugu eta eskala guztiak (eraikina, ingurunea, auzoa, hiria, lurraldea, paisaia) aldi berean aintzat hartzen baditugu, hizlariak aipatu zituen txanpon beraren bi aldeei –ingurumenari eta gizarteari– erantzuteko gai izango diren erronkak planteatu ahal izango ditugu.
Eta, nolabait, kexu ginen gure estatuko errealitatean arkitekturaren praktika hori gidatzen duten araudiek zailtasunak sortzen dituztelako guk geuk garapen iraunkorraren alde geure buruari ezarri dizkiogun konpromisoak praktikan jartzeko orduan.
Politikak aldaketara moldatzeko ez ezik aldaketa bultzatzeko gai ere badirela erakusteko, Iñigo Rodriguez Vidalek zehatz-mehatz azaldu zigun Suitzako kasua. Han, helburuak oso epe luzera jartzen dituzte, jakitun direlako etorkizunera begira apustu irmoak egin behar direla baldin eta iraunkortasunari dagokionez helburu handinahiak lortu nahi badira. Esperientzia horretan oinarrituta, ulertu genuen honako hauek beharko direla utopian ez erortzeko:
- kontsumoa gutxitzea,
- ezarritako konpromisoetan benetan sinetsiko duten erakundeak elkarren artean koordinatzea,
- bizitzeko modua aldatzea eta kolektibismora bueltatzea,
- baina, batez ere, aldaketa eragin, sustatu eta mantenduko duen kontzientzia ekologiko eta sozial indartsu bat garatzea.
Horrekin batera, gogorarazi ziguten ezin dugula ahaztu gizarte bakoitzak bide propioa bilatu behar duela bere ezaugarriak aintzat hartuz.
Gaur goizean, n’UNDOko Beatriz Sendínek ikuspegia ireki digu, gure hirietan iraunkortasunaren kontzeptu horrekin lotuta dauden kontraesanak parez pare jarriz (gauza naturalen degradazioa; ingurunearen gehiegizko ustiapena; arkitektura ikono gisa; iraunkortasuna zenbaki eta formulen bidez ulertua, eta ez tokian tokikoa eta bizi dugun espazioa oinarri hartuta). Kontraesan horiei jarrera positiboarekin aurre egin diezaiekegu: ez dago zertan aukeratu hiria egitearen eta paisaia babestearen artean. Eta, horretarako, esan digu pentsatu egin behar dugula ezer egin aurretik, gure ekarpenak bizitzari jarraipena emango dioten espazioak sorraraziko dituela bermatzeko. Murrizketa, kontentzioa eta deklinazio arrazoitua oinarri hartuta esku hartu behar dugu, eta horrek espazioak errespetatzen, espazioei balioa ematen eta espazioen izaera eta ahalmena berreskuratzen lagunduko digu. Batzuetan, “ezereza gehiago da”.
Gaurko komunikazioetan, Pedro Rodriguezek eta Arturo Azpeitiak azaldu digute administrazioaren mugek edota guk lantzen ditugun kontzeptuak metodologikoki garatu gabe egoteak sarritan inkoherentziak eta kudeaketa administratiborako zailtasunak sortzen dizkigutela.
Jardunaldiaren amaieran, José Fariñak berriro heldu dio gai horri, paisaiaren, kulturaren eta ondarearen kontzeptuetan sakonduz. Hala, erakutsi digu kontzeptu horiek alderdi asko eta subjektiboak dituztela, behatzailearen mende daudelako eta, beraz, haren pertzepzioaren, esperientziaren, ezagueren eta abarren mende daudelako. Subjektibotasun horretara hurbildu gara, araudia, legeria eta babes politikak ikertuz eta, batik bat, kultur paisaia edo ondarea zer den eta zer ez den aztertuz. Eta, hor, gaiaren oinarrira heldu gara: ondarearen aitorpen hori desitxuratu egiten da, gaur egun identitatearen, memoriaren eta baliabideen artean dagoen desorekaren ondorioz –desoreka hori baliabideen aldekoa da, eta hori argi eta garbi ikus dezakegu turismoaren ondorioetan, ezin iraunezko jarduera baita alderdi guztietatik–.Ezin iraunezko jokabide horri eutsiz gero, hizkuntzak eta paisaiak homogeneizatuko ditugu azkenerako, aniztasunaren eta inguruko aberastasunaren kaltetan, eta, azken batean, gure paisaiak eszenografia soil bilakatzeko arriskuan egongo gara.
Argi eta garbi ondoriozta dezakegu hirien tratamenduarekin lotutako oinarrizko gaiak jorratu ditugula bi egunotan, iraunkortasunaren eta hurbiltasunaren ikuspegitik. Eta, ildo horretatik, gure paisaien gaineko ikuspegi holistikoei heldu behar diegu, aukera emango baitigute paisaien funtzionamendua eta haien arteko konexioak ulertzeko, hainbat ikuspegitatik; horretarako, baina, ezinbestekoa da zeharkako eta diziplina arteko lana egitea. Baina, batez ere, beharrezkoa da paisaiaren arloan gehiago trebatzea. Bide horretan oraindik ere asko daukagu ikasteko, eta eztabaida foro hauek behar-beharrezkoak dira horretarako; are beharrezkoagoa da, ordea, eztabaidaturiko guztia praktikan jartzea”.
Ezin da erantzun.