LAG-EI ETA TURISMO BALIABIDEEN ANTOLAMENDUARI BURUZKO EZTABAIDA

2022(e)ko martxoak 17

Joan den martxoaren 9an, III. Hitzaldia eta eztabaida Jesús Mª Erquicia Olacireguirekin izan genuen, Paisaia Kudeatzeko Masterraren (UPV/EHU) testuinguruan, “Babesa, Plangintza eta Antolamendua” ikasgaiaren barnean. Online eta aurrez aurre bertaratu zirenen artean, Masterreko eta Doktoretza Programako ikasleak zeuden, baita graduko ikasle, irakasle eta ikertzaileak ere.

Urtero bezala, Jesús Mª Arabako Campusera hurbildu zen, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan (LAG) duen esperientzia profesional zabaletik abiatuta hitz egiteko. Baina aurten, eskaera berezi bat egin zitzaion, baliabide turistikoen antolamenduari buruzko garrantzia azaltzeko eta hori bilduko duen Lurralde Plan Sektoriala bultzatzeko beharra azaltzeko. Horretarako, 1997ko LAGetan eta gaur egungoetan (2019) Paisaiak, Azpiegitura Berdeak edota Baliabide Turitikoek beren gain hartzen zuten eta duten zereginaren diferentziaren eta horren inguruan Antolamenduan izan den aurrerapenaren errepaso zehatza egin zuen.

Bere hitzaldian, bereziki azpimarratu zuen LAGen helburuetako bat administrazioen eta hirigintza-plangintzaren koordinazioa hobetzea dela, hainbat eskalatan. Horretarako, tresnak eskaini behar dira kasu bakoitzaren eskumenak eta irismena zehazteko, LAGak, esaterako.

Azkenik, haren enuntziatu batzuk azpimarratu nahi dira, “Europak bere historiako parke tematiko bihurtzeko arriskua duela” eta ez dugula ahaztu behar “lurraldea belaunaldien arteko mailegua dela”, eta belaunaldi bakoitzak lurralde hori hurrengo belaunaldientzat kudeatzeko eta zaintzeko erantzukizuna dugula.

Beti bezala, Kultur Paisaien eta Ondarearen UNESCO Katedratik plazer bat izan zen urteroko hitzaldi hau antolatzea eta koordinatzea. Urtean behingo hitzaldiak dira hauek, garrantzi eta jakintza profesional handiko pertsonak ikasgelara eramaten dituenak irakaskuntza-orduetan. Jardunaldiaren argazki batzuk usten dizkizuegu:

Ezin da erantzun.